XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gobernu eskuindarraren arriskua, PSNren aipagai nagusi.

A.U. / IRUÑEA

Gobernu eskuindarraren arriskua benetakoa dela izan zuen ideia nagusi PSN-PSOEk bere egitasmoaren aurkezpenean.

Bere baitan PP duen alderdi batek inestabilitate politikoaren arriskua dakar, esan zuen Jesus Malonek, PSNko lehendakariak, UPNri erreferentzia eginez.

Bere esanetan, UPN eta PPk ez dute programaz hitzegin, botere banaketaz baizik.

Gabriel Urralburu, PSNko idazkari nagusia, ildo beretik aritu zen eta eskuinak sozialistok lortu dugun aurrerabidea ez dutela eten behar adierazi zuen.

Halaber, kanpaina egunetan UPNk sondeoetan erakutsi duen abantaila estua gaindituko dutelakoan dagoela esan zuen.

Azken legealdiaren balantzea egiterakoan, PSNk erakutsi duen irmotasuna nabarmendu zuten sozialistek.

Malonen esanetan, ez dugu fanatikoen aurrean amore emango eta autobidea, Arangureneko zabortegia eta Itoizko urtegia eraikiko ditugu, gehiengoaren onerako dira eta.

Urralburuk ere hitz batzuek izan zituen HBrentzat: jakin dezatela HBkoek aurrez aurre edukiko gaituztela ETArengandik aldentzen ez bada.

Datozen urteotarako, bost ideia ardatz jasotzen ditu sozialisten programak: Nafarroaren autogobernua eta garapen politikoa sendotzea eta bakean bizitzeko eskubide bermatzea, 1993ko merkatu bakarrari aurre egiteko Foru Komunitatea ekonomi mailan prestatzea, Nafarroako zonaldeen arteko desberdintasunak orekatzea, ingurugiroarekiko errespetoa eta herritarren ongizatea bultzatzea.